
Hamar urte perretxiko artean Loiolan
Loiola
Hilaren 11tik 28ra izango dira X. Mikologia Jardunaldiak. Dastatze afariak berreskuratu dituzte eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta mendi irteera ere izango dira.
raul perez
Loiolatarra elkarteak prest ditu aurtengo mikologia jardunaldiak. Azken urteetan elkartearen egoitzako lanak zirela-eta dastatze afariak bertan behera utzi zituzten, baina aurten berriz ere antolatu ahal izango dituzte afariok, elkarteak egoitza duelako. Bi dastatze afari izango dira, bat hilaren 22an, eta bestea hilaren 24an. Afari bakoitzerako txartelak 45 eurotan daude salgai. Txartelok erosteko Kultur Etxera jo behar da (943 454605).
Ramon Celorio asturiarrak prestatuko du lehen afaria eta Sergio Azagra aragoiarrak bigarrena. Azagrak afaria prestatzeaz gain, hitzaldia emango du La Salle ikastetxean. Loiolatarrako kideek Azagra auzora etortzea asko kostatu zaiela nabarmendu dute, lanez gainezka baitabil Aragoi aldean. Afariotako plater guztietan erabiliko dituzte sukaldariek perretxikoak, era batean edo bestean, baita postrean ere. 70 bat lagunentzako tokia izango da elkartean.
Mikologia ikastaroa ere izango da. Iaz antolatu zuten oinarrizko ikastaroa eta aurten haren segida egingo dute. Kultur Etxean izango da ikastaroa eta Kultur Etxean bertan eman ahal izango da izena.
Sukaldaritza tailerra ere egingo dute. Hilaren 25ean izango da. Iker Gallego sukaldariak zuzenduko du tailerra eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute.
Loiolako mikologia jardunaldietan ohikoak dira mendi irteera eta erakusketa. Aurten mendi irteera hilaren 27an izango da eta hurrengo egunean azoka izango da Latsarien plazan, goizez. Bezperan jasotako perretxikoak egongo dira ikusgai eta haur jolasak ere izango dira. Jarduerak bukatzeko pintura lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Loiolatarrako kideak harro azaldu dira jardunaldion aurkezpenean hamargarren urteurrenera iristeagatik. «Hasi ginenean ez genuen uste honeraino iritsiko ginenik. Ekimena indarra hartzen joan da urtetik urtera».
############
Hilaren 27an, larunbata, izango da perretxiko bila joateko ohiko mendi irteera
############
############
Egitaraua
Astelehena, hilak 11. Daniel Palaciosek zuzendutako mikologia ikastaroa hasiko da. Hilaren 19a arte izango da kultur etxean.
Igandea 21. Ibilialdi didaktikoa DBHko ikasleekin La Salle ikastetxeko mendi taldearen eta auzoko gazteen laguntzarekin.
Astelehena 22. Mikologiarekin lotutako pintura erekusketa zabalduko dute Kultur Etxean. Ramon Celorio sukaldari asturiarrak prestatutako dastatze afaria izango da, 45 eurotan, Loiolatarra elkartean, 21:00etan.
Astelehena 23. Sergio Azagra sukaldari aragoiarrak hitzaldia emango du La Salle ikastetxean 16:00etan. Gabriel Moreno Alcala de Henaresko unibertsitateko katedratikoa klima aldaketak perretxikoengan zer eragin duen azalduko du, 19:30ean, Kultur Etxean. Asteazkena 24. Sergio Azagrak prestatutako dastatze afaria, 21:00etan Loiolatarra elkartean (45 euro).
Osteguna 25. Iker Gallegok zuzendutako sukaldaritza tailerra, 19:30ean, elkartean.
Larunbata 27. Mendi irteera elkartetik abiatuta 07:30ean. Arratsaldean aleak sailkatuko dituzte.
Igandea 28. Azoka izango da Latsarien plazan. Euria eginez gero, Atari Ederren.
############
Erakusketa
Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.