Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Loiola
2008ko abenduak 4, Osteguna

;2008-09-05; KRITIKA. Errusiar erara. MONTSERRAT AUZMENDI. Musika kritikaria

Errusiar erara

Kritika

Montserrat Auzmendi

Musika kritikaria

Tolosako (Okzitania) Capitolioko Orkestra pack errusiarra ekarri digu aurten. Konpositore errusiarren obrez osaturiko egitaraua dastatu genuen. Zuzendari titularra, Tugan Sokhiev, errusiarra izanik, pentsatzekoa da bultzada eman nahiko diela bere herrialdeko produktuei.

Glinkaren Ruslan eta Ludmila operaren oberturarekin hasi ziren Tolosakoak. Lan bizi-bizi honekin garbi utzi zuten aurreneko notetatik orkestraren kemena eta soka-sekzioaren soinu boteretsua. Ezin hobeki iritsi zitzaigun interpretazioa. Baina hau, bazkarietan esaten den bezala, zizka-mizka modukoa izan zen, benetako platerkada gero zetorren eta. Sergei Ratxmaninoven Paganiniren gai bati buruzko rapsodia, op. 43, piano eta orkestrarako, festa bat izan zen entzuleentzat, primerako bakarlaria izan baikenuen pianoaren aurrean. Denis Matsuev piano jolea- errusiarra, noski- birtuoso handien tradizioaren jarraitzalea da, dudarik gabe. Den-dena dauka Matsuevek publikoa liluratzeko: musikalitatea, espresibitatea, jotzeko modu fantasiaduna -zer pasarte cantabile ederrak entzun genituen-, eta, aldi berean, indarra eta teknika izugarria. Honez gain, lotura berezia lortu zuen orkestrarekin, batu egin zen benetan taldearekin. Emaitza, esan bezala, ezin hobea. Bis pare bat jo zituen bakarlariak: lehenengoa, Griegen Peer Gynt suiteko Mendietako erregearen kobazuloan izeneko pasartearen pianorako moldaketa, mota guztietako zailtasunak zituena, publikoa zur eta lur uzteko modukoa; bigarrena, Liadoven Music box, oso delikatua.

Ratxmaninovekin amaitu zuten kontzertua. Dantza sinfonikoak, op. 45, orkestraren bertuteen erakustaldia izan ziren. Soka inguratzailea eta ñabardura anitzak sumatu genituen Non allegro lehenengo mugimenduan, dotoretasun dekadentea -zentzu onean- izan zen nagusi Tempo di vals zatian, eta Sokhieven zuzendaritza apaintsuak ongi azpimarratu zituen hirugarren denboran kateatzen diren Rachmaninoven beste obretako doinuen oroipenak. Orkestrak bi propina oparitu zituen : Leoncavalloren Pailazoak obraren pasarte bat, eta Txaikovskiren Intxaur-hauskailua balletaren obertura. Primeran.

############

fitxa

Kontzertua. Tolosako (Okzitania) Orkestra.

Eguna. Irailaren 3a.

Lekua. Kursaal Auditorioa.

############

Agenda

Erakusketa

Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.