
Poesia errezitaldia zuhaitz artean
Literatura
Aurtengo 'Literaktum' zikloari bukatzeko poesia errezitaldia egin zuten Benartegi baserrian.
maitane aldanondo
Urumea ibaiaren ingurune paregabean kokatua dagoen Benartegi baserriaren atzeko aldea poesia errezitaldiaren lekuko izan zen larunbat arratsaldean. Azken unea arte ez zuten ziur jakin zuhaitzez inguratutako belardia ekitaldiaren eszenatokia izango ote zen, baina lehen lerroak irakurtzeko ordua heldu zenean, euriak atseden hartzea erabaki zuela zirudien.
Ezohiko eszenatokiaren inguruan kokatutako aulkietatik musikaz eta olerkiaz gozatzeko aukera izan zuten gerturatu ziren 40 bat lagunek. Lehen ilaran eserita zeuden irakurle izan ziren Angel Erro, Zehra Cirac eta Xenia Dyakonova olerkilariak beren txandaren zain. Banan-bana altxatu eta ekitaldirako prestatutako olerki sortatzen erdia irakurri zuten lehenik. Poemak olerkilarien ahots eta ama hizkuntzan entzuteko aukera izan zuten entzuleek, baina, dirudienez, gehienak ez zuten errusiera eta alemaniera oso ondo menperatzen, eta ulertu ahal izateko, hasieran banatutako liburuxkan irakurri behar izan zuten itzulpena.
Xenia Dyakonovak eman zion hasiera ekitaldiari. Bere olerkiak errusieraz irakurri zituenez, iruzkin labur bat egin zuen gaztelaniaz bakoitzaren aurretik. Angel Erroren kasuan aldiz, poetak berak egin zuen hainbatean euskaratik eta gaztelaniara itzulpena.
Ingurunearen edertasuna
Atsedenaldiaren aurretik eskaini zuten perkusiozko musika emanaldia amaitzean, bertaratutakoek, ikuskizunean entzundakoaz gain, paisaia naturalaren edertasuna goraipatu zuten.
Beren ibilbidean zerua zeharkatzen zuten lainoak agertzean, berandu baino lehen, arduradunek ekitaldiarekin aurrera egitea erabaki zuten. Errezitaldian zehar irakurritako lerroak, naturako beste soinuekin nahastu ziren hurrengo orduan zehar. Zenbait unetan eguzkiak argitu zuen belardia, eta entzun ziren trumoi bakarrak, Realaren golen garrasiak izan ziren.
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.